Eskaintzari buruzko informazio gehiago

Azpiegitura

Udal euskaltegiak tokian tokiko udalaren babesean daude eta udal zerbitzua dira. Hau da, erabiltzen dituzten instalazioak eta lokalak udalarenak dira. Bestalde, euskaltegian bertan ematen diren eskolez gain, enpresetan, erakundeetan, ikastetxeetan, eta abarretan sortzen diren ikastaldeei erantzuteko, eskolak haien zentroetan emateko malgutasuna eta horietara moldatzeko bitartekoak dituzte.

Irakasleen tipologia

Irakasleak dira antolamenduaren atal garrantzitsuena, funtsezkoak baitira euskara ikasleengana helarazteko. Horregatik eskatzen zaie trebakuntza eta gaitasuna, bai giza esparruan baita maila teknikoan ere:

  • Gehienak lizentziadunak eta diplomadunak dira, eta gainerakoak, legeak agintzen duen moduan, homologatuta daude.
  • Euskaran, EGA izateaz gain, gorengo maila eskatzen zaie, hau da, Tekniko Gaitu maila.

Udal euskaltegietan pertsonal egonkorra izaten dute; hala, birziklatze eta prestaketa lanetan dihardute etengabe, metodo pedagogiko egokiak eta lan-teknika berriak garatu eta eskolaratzeko.

Bekak eta dirulaguntzak

Euskaltegi bakoitzak dirulaguntza eta beka sistema propioak dauzka. Zugandik gertuen dagoen euskaltegian gustura azalduko dizute zer eskaintza daukaten, eta zure beharretara eta baldintza pertsonaletara hobeto moldatzen dena proposatuko dizute.