« Itzuli albistegira

Orain gehiago dakigu gure osasuna zaintzeaz

2010-02-23  ¦  Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia

Joan den asteazkenean, otsailaren 17an, Arantza Lorenzo dietistak hitzaldia eman zuen Lasarte-Oriako Udal Euskaltegian. Jateko ohitura okerren ondorioz sortzen diren gaixotasunez aritu zitzaigun eta gaixotasun horiek aurreikusteko, edota behin gaixo eroriz gero, elikaduraren bidez nola jokatu behar dugun irakatsi zigun.

Lehenik, elikadura orekatuaren oinarrien berri eman zigun, ondoren gaixotasunen jatorriaz jabetu ahal izateko. Honako hauek dira gaixotasunen iturburu diren elikatzeko ohitura okerrak: a) janari jakin batzuetatik gehiegi edo gutxiegi jatea, b) dietaren barietatea oso txikia izatea, c) otorduetan elikagaien arteko desoreka izatea eta d) egunean egin beharreko otordu kopuruan eta orduetan inolako araurik ez izatea. Horri guztiari ariketa fisikorik ez egitea erantsi behar zaio.

Gaixotasun bakoitzaren jatorriaren berri eman ondoren, dagokion espezialistarengana joateko gomendatzeaz aparte, dietaren bidez nola aurre egin diezaiokegun azaldu zigun.

Azkenik, hitzaldian adierazitakoa ondo asimilatu ote zen ikusteko, eta izan zitezkeen gaizki ulertuei erantzuteko, talde dinamika bat antolatu zen. Hitzaldira joandakoak taldetan bildu ziren eta talde bakoitzari kartazal bat eman zitzaion gainean gaixotasun baten izena idatzita zuela, eta barrenean hainbat elikagairen argazkiak. Talde bakoitzak adierazi behar zuen elikagai horiek gaixotasun horretan nola eragiten zuten, alegia, mesedegarri ziren, kaltegarri ala inolako eraginik ez zuten.

Taldeek egindako azalpenen ostean, esan behar da jendeak egoki jaso zituela Arantza Lorentzo dietistak emandako argibideak, eta geure elikatzeko ohitura bide zuzenera ekartzeko irizpide ezin argiagoen jabe egin ginela. Hitzaldi aberatsa, benetan.