« Itzuli albistegira

Azpeitiko Udal Euskaltegia Lapatx zabortegian bisitan

2010-03-08  ¦  Azpeitiko Udal Euskaltegia

Aurtengo 2009-2010 ikasturtean Azpeitiko Udal Euskaltegiak 25 urte beteko ditu. Data esanguratsu hori ospatu nahian, ikasturtean zehar gure ikasleei bideratutako hainbat ekitaldi antolatzen ari gara. Honela,antolatzen ari garen ekitaldien barruan, joan den ostegunean, otsailaren 25ean, Azpeitiko Udal Euskaltegiko ikasleok eta irakasleok Azpeitian dagoen Lapatx zabortegia ikusteko aukera ezin hobea izan genuen.

Bertan genituen zain Azpeitiko Ingurumen museoko bi teknikari, Edurne Agirre eta Itziar Unanue, eta bi hauen laguntzaz bertan dagoena gertu gertutik ikusteko aukera izan genuen.

Gure eguneroko bizitzan zaborrarekin nola jokatu behar dugun jakiteko orduan, bi teknikari hauek emandako azalpenak lagungarriak ez ezik, oso baliagarriak ere izan ziren gutako askorentzat.

Ikasle asko inguratu ginen Lapatx ikustera eta ikasleak bi taldetan banatu ondoren, batzuk zabortegiaren maketa ikustera joan ziren bitartean; besteok, berriz, bertatik bertara gure eguneroko zaborra nora eta nola iristen den eta gero hau nola pilatzen den ikusteko parada izan genuen.

Benetan, han ikusi genuenak eta eman zizkiguten azalpenek harritu eta era berean, kezkatu ere egin gintuzten. Eta nola ez, zer pentsatua ere eman zigun.

Bisita honetatik atera dugun ondorioa hauxe da: lehendabizi behintzat, gure ingurumena babestu nahi badugu, egunero sortzen dugun zaborra GUTXITU beharra daukagula. Horretarako, oso kontuan izan beharreko hiru aholku eman zizkiguten:

  1. - Lehendabizi egunero sortzen dugun zaborra gutxitu behar dugula eta hori lortzea, neurri handi batean gure esku dagoela.
  2. -Eguneroko produktuak berrerabili egin behar ditugula: oro har produktuak behin baino gehiagotan erabil daitezkeela, eta hori egiten badugu, hondakin gutxiago sortuko dugula.
  3. - Birziklatu beharra dagoela: birziklapenarekin zabor kopurua murrizteaz gain, naturako baliabideak ere aurreztea lortuko dugulako.

Ziur gaude hemendik aurrera eta neurri handi batean bisita honi esker, gure eguneroko bizitzan sortzen dugun zaborraz askoz gehiago arduratuko garela. Geure begiekin ikustea bezalakorik ez baitago konturatzeko zenbat eta zenbat alferrikako hondakin sortzen dugun egunero.

Bisita honetan ikasi duguna da, gure ingurua babestea gure esku dagoela. Beraz, guztiok egin dezagun gure esku dagoen apur hori, guztion onerako izango baita.