Mintza Eguna Arrasaten: Udal Euskaltegiko EGAko taldearen idatzia
2010-06-01 ¦ Arrasateko Udal Euskaltegiko EGAko taldea
Orain dela 5 urte hasi zen Mintza eguna ospatzen. Egun honetan, besteak beste, Euskal Herri osoan Mintzapraktika taldeetan parte hartzen duten pertsonak biltzen dira festa giroan.
Aurtengo edizioa Arrasaten izango da, ekainaren 6an, domeka. Festa giro aparta egongo da goizez eta arratsaldez. Lehenik, hamaiketan Biteri plazan mintzalagunei ongietorria egingo zaie hamaiketako batekin. Hamabiak aldera ibilaldia egingo da Arrasateko alde zaharrean; ondoren, kalejira jendea pixka bat animatzeko. Ordu bi eta erdietan bazkari herrikoia egongo da Arrasateko plazan: paella, patea, oilasko pilotak eta solomoa egongo da bazkaltzeko, eta, honetaz aparte, postrea, kopa eta kafea. Guztia 20 euroren truke. Hori guztia amaitzeko, erromeria izango dugu Kataia taldearekin.
Etortzera animatzen zaituztegu denok, ez bakarrik mintzalagun zaretenok, baita euskararen alde egun polit bat igarotzeko gogoa duzuen guztiok ere.
Informazio gehiago: Zaharberriko blogean

